2013-10-30
Kidetzak zaintza partekaturako lege proiektua moldatu du, adostasun bila
Eztabaidagai ziren hainbat puntu moldatu ditu; Legebiltzarrak ez du hasi oraindik lege hori onartzeko tramitea
Jon Rejado
Gasteiz
Kidetzako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko
Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean egindako agerraldian. /
RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
«Zaintza Partekatuaren Legea aho batez onar dezatela
nahi dugu». Hitz horiekin arrazoitu ditu Marta Blanco Kidetzako
abokatuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako ekinbideak. Hain zuzen ere,
Guraso Bananduen Elkarteen Euskadiko Federazioak zenbait proposamen
aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrak 2012ko udan aintzat hartu zuen herri
ekinbide legegilea «hobetzeko». Bide batez, agerraldiaren bidez
izapideak azkartzeko eskatu diete legebiltzar taldeei.
Eztabaidagai
nagusien gainean proposatu ditu Kidetzak «hobekuntzak». Gurasoak
banatzen direnean zaintza partekatua «lehenesteko» proposamena aldatu
dute, lehenik eta behin. Proposamen horrek «gaizki-ulertuak» eragin
zitzakeela azaldu du Justo Saez kidetzako presidenteak, neurri hori
«automatikotzat» jo zitekeelako.
Gai horretan Espainiako Auzitegi
Gorenak jurisprudentzia ezarri duela azaldu dute, eta gaineratu hori
aintzat hartu dutela. Hau da, gurasoak banatzean zaintza partekatua
«arau orokorra» izatea proposatu dute, baldin eta adingabearentzat
kaltegarria ez bada. Hori horrela izan dadin gurasoetako batek neurri
hori eskatu beharko du.
Genero indarkeriagatik salaketa tarteko
banandu diren gurasoei dagokien puntua ere aldatu nahi du Kidetzak. Kasu
horietan, salaketa argitzen den arte epaileak zehaztutako zaintza
behin-behinekoa izatea proposatu du. Epaia behin betikoa denean zaintza
berrikusteko aukera arautu nahi du. Indarkeria matxistagatik salaketak
egonda ere zaintza partekatuari atea zabaltzen ziola leporatu zioten
Kidetzaren proposamenari, baita zigortutako kasuetan ere. «Inoiz ez dugu
nahi izan genero indarkeria kasuetan zaintza partekatua ezartzea»,
nabarmendu du Blancok. Jatorrizko testuak «zalantzak» sortzen
zituela-eta, ideia «ondo» azaltzeko, aipatu aldaketa proposatu du
Kidetzak. Auzibideak iraun bitartean hartutako neurriak behin-behinekoak
izatea «kokapen juridiko egokia» duela gaineratu du.
Etxebizitza, bost urterako
Herri
ekinbide legegileko testuak arautu nahi zuen etxebizitzaren
«berehalako» likidazioak kritikak piztu zituen, eta Kidetzak hori ere
aldatu nahi du. Proposamen berriak «behar gehien» duen gurasoari uzten
dio etxebizitza, bost urteko epean. «Bost urteko epea bikotekide
bakoitzak bere bizitza berrabiarazteko eta egonkortzeko tarte egokia
dela uste dugu», azaldu du Blancok. Hortik aurrera etxebizitza
likidatuko litzateke, eta, bertan bizi zenaren «behar egoera» mantenduko
balitz, alokairu sozialeko etxebizitzarako sarbidea arautzen du
Kidetzaren proposamenak.
Etxebizitzaren erabilerari buruzko
aldaketaren eskutik, guraso bakoitzaren egoera ekonomikoa ere beste modu
batean arautzearen alde egin du Kidetzak. Diru sarrerak baloratu
beharrean, bikotekide bakoitzaren «gaitasun ekonomikoa» kontuan
hartzearen alde egin du. Hain zuzen ere, azaldu du diru sarrerek ez
dituztela kontuan hartzen gastuak. «Etxebizitza bikotekide ohiari eta
seme-alabei bost urterako uzten dienak nolabaiteko ekarpena egiten du,
eta horrek eragiten dizkion gastuak ere aintzat hartu behar dira».
Aldaketa
horiekin batera, mantenu pentsiorako funts bat sortzea ere proposatu
dute aldaketetan, egungo egoera ekonomikoak eragin ditzakeen arazoei
irtenbidea emateko. Halaber, banandu nahi duten gurasoei epaileak
bitartekaritza zerbitzuen berri eman diezaiela arautu nahi dute, baita
gurasoek plan bat aurkeztea ere behin banatutakoan elkarren artean eta
seme-alabekin izango duten harremanen berri emanez.
Gaur egun, geldirik
Kidetzak
abiarazitako herri ekinbide legegileak 85.000 sinadura bildu zituen,
eta 2012ko ekainaren 30ean tramiterako onartu zuen Eusko Legebiltzarreko
Osoko Bilkurak. Herri ekinbide legegilea izateagatik ez zen bertan
behera geratu legegintzaldi aldaketarekin. Ordea, Legebiltzarreko
Mahaiari dagokio tramiteak berrabiaraztea, eta, gaur-gaurkoz, ez du
horrelakorik egin. Hori egingo balu, Erakunde, Segurtasun eta Justizia
Batzordeak lantalde bat sortu beharko luke, zuzenketak egin eta irizpena
idazteko.